XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Honela, ingurune mota honetan egoki bizi diren animalien artean horma-sugandila (Podarcis muralis) eta suge leunak (Coronella sp.) aipa daitezke narrastien artean; hegaztien artean, berriz, harkaitz-zozo gorria (Monticola saxatilis) harri-arteko intsektuak janez bizi den birigarroaren tamainako espezialista errupikola nabaria dugu, araldian behintzat izugarri erraz ezagun daitekeena arrak janzten duen lumaje gorri eta urdin deigarria dela eta.

Harkaitzetan bizitzeko moldatutako hegaztien artean, buztangorri iluna (Phoenicurus ochrurus) eta buztangorri argia (Phoenicurus phoenicurus) ere aipatu behar dira; hauek ere intsektujaleak dira, eta harri-zulo eta zartadetan egiten dute habia, baina euren jokabide lotsabakoa dela eta, pixkanaka herri eta baserrietan ere egokitzen jakin dute, bertako horma eta harresietako zulo eta zartadak okupatuz.

Bestela, asko dira bazka eta ihardutea beste lekutan burutu arren babeslekua harkaitz-labarretan bilatzen duten hegaztiak, hauen arteko asko giza-presioagatik ihes egin beharrak bultza dituela.

Honela, harrapari askok aukeratzen dituzte harkaitz-labarretako apal eta arpeak habia egiteko: belatz handia (Falco peregrinus) baso gain eta landazabaletan dabiltzan uso, birigarro eta txori txikiak ehizatuz bizi den harrapari espezialista eta hegalari bikaina da, baina harkaitz eta amildegiak aukeratzen ditu txito berriak munduratzeko.

Haren lehengusua den belatz gorriak (Falco tinnunculus) ere antzerako lekuak erabiltzen ditu habia egiteko, baina hau ez da horren beldurtia, eta harrobi zaharrak eta etxe huts eta hormak ere erabil ditzake lan honetarako; harrapari hau sugandila, sagu, satitsu eta intsektuz elikatzen da batez ere, eta ondorioz, gizakiak ez du belatz handia bezain beste zigortu, hau bere izaera ausartagoaren arrazoitzat har daitekeelarik.

Harrapari handi gehienak aspaldi desagertuak dira Bizkaiako eskualde gehienetatik, eta ingurune honetan ere aspaldiko urtetan ez da arrano beltzik (Aquila chrisaetos) ez hontza erregerik (Bubo bubo) behatu bertako mendietan.